XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Depresioari ihes egiteko erremedio bakarra alkohol eta marihuana gehiago hartzea zen, jakina.

Laster alkohol eta drogaren morroi bihurtu ginen.

Gure artean gaisotasun sendaezin bat zabaldu zen: borrokarik ezaren nekea, trintxeretarako beldurra izenaz ere ezagutua.

Ate bakoitzaren ostean eta ohe bakoitzaren azpian gu hiltzera zetorren japoniar bat ikusten genuen.

Atxilotu, torturatu eta hil egiten gintuztela amets egiten genuen.

Mexikoko bandera urruneko zerbait iruditzen zitzaigun eta Aberria, Askatasuna eta Demokrazia bezalako hitzak esanahirik gabeko soinu batzu baino ez.

Hezur-haragizko automata gogortu, aberetu eta drogatuak baizik ez ginen.

Eta abereek bezalaxe, txapa batean zenbaki bana generaman elkarrengandik bereizteko.

Gure ofizialak oso kezkatuta zeuden.

Ezin zen horrela jarraitu.

Borrokarako deirik ezean borrokak asmatu egin behar ziren.

Kamioietan sartu eta Chiapas izeneko oihanera eraman gintuzten.

Han bosnakako taldetan banatu gintuzten eta astebeterako jakiak, ura alkohola eta droga eman zizkiguten.

Komando bakoitzeko kabu edo sarjentuari agindu zehatzak eman zizkieten: oihaneko indioak japoniarrak ziren.

Beraz, dena zegoen permitituta.

Gure komandoak, oihanean barrena ordu batez ibili ondoren, ehun bat indio bizi ziren herriska bat ikuskatu zuen.

Sarjentuak alkohola eta droga banatu zituen.